header
HAED

Ttakun Kultur Elkarteak Hezitzaileek asko egin dezakete! metodologia erabiliko du Hire esku! Programan. Hau, euskararen erabilera sustatu eta aisiako programa egokia eskaintzeko abiapuntua izango da.

Hezitzaileak asko egin dezakete! metodologia Ttakun Kultur Elkarteak garatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako Sailekin elkarlanean eta azken bi urteetan Hire esku! programan zein beste hainbat proiektutan aplikatu du.

Hala nola;

  • Kalea maixu! Programa.
     
  • Donostiako Herri Ametsa ikastolako eskola orduz kanpoko jarduerak.

Esan genezake urte hauetan zehar Ttakun Kultur Elkartea pixkanaka Hezitzaileek asko egin dezakete! metodologia garatzen joan dela. Honen adibide da lidergoaren kudeaketa tresna bezala garatu ahal izan dugula, berau baliagarria izango zaigularik Hire Esku! programarako.

Bestalde, Ttakun Kultur Elkarteak hainbat urte daramatza euskara sustatzeko helburua duten aisiako proiektu desberdinak kudeatzen. Beraz, urte hauetako esperientzia baliagarria izango zaio elkarteari Hire esku! Programa aurrera eramaterakoan.

Besteak beste, hauek dira Ttakun Kultur Elkarteak kudeatu dituen aisiako proiektuak:

  • Ttakuneko aisia saileko hainbat proiektu (ludoteka, eskola kirola, kuadrillategi, txokoak eta kanpaldiak).
     
  • 2008ko udan, Buruntzaldeako udako egitasmoetan eta Arizmendi ikastolak antolatutako udalekuetan.

Jarraian gure oinarri teoriko metodologikoaren ildo ezberdinak azalduko ditugu:

Hezitzaileek asko egin dezakete!

Metodologia honen bidez, eskola orduz kanpoko jardueretan, modu planifikatuan euskararen erabilera sustatzeko oinarriak jartzen dira.

Dokumentuan, egitasmoaren nondik norakoak hobeto ulertzeko metodologiaren urrats nagusienak aipatzen ditugu modu laburrean.

  • Errealitatearen azterketa nola egin: Gazteek euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta batez ere euskara erabiltzeko duten iniziatiba aztertuz egiten da. Taldea abiapuntu batean kokatzen da.
    Hire Esku! proiektuan pauso hau lehen eguneko ezagutza jolas eta Zarauzko orientazio saioaren bidez eramango da aurrera.
     
  • Helburuak nola zehaztu: Errealitatearen azterketak ematen duen abiapuntuak helburua zehazteko bidea ematen digu (honetarako tresna informatikoa erabiliko da).
    Hire esku! egitasmoaren kasuan, helburu nagusi baten inguruan arituko gara: gazteek jardun osoan euskaraz egitea. Baina gerta liteke abiapuntua dela eta helburu xumeago bat jarri behar izatea, gazteek jardunaren denbora tarte jakin batzuetan guztia euskaraz egitearena alegia. Kasu honetan helburuak hezitzaile eta irakasleen artean adostuak izango dira.

Helburuak zehazterako garaian gazteen euskara maila eta erabilerarako iniziatiba izaten dira abiapuntua. Hauen analisia egiteko garaian berriz ondorengo taula hartu ohi dugu kontutan;

  • Zein estrategia aukeratu eta horiek nola erabili: Hizkuntza estrategiak eta kokapen estrategiak dira metodologia honen oinarria eta hauek helburuen arabera aukeratzen dira.
    Hizkuntzazko estrategiak hauek dira; produkzio elebakarra, ulermen elebakarra, erabilera arautua eta erabilera adostua.
    Kokapenekoak berriz: hezitzailea taldeko zentro izatea, taldeko parte izatea edo taldetik kanpo egotea.
     
  • Estrategia horiek programazioarekin lotu: Estrategiak noiz eta nola aplikatu erabaki behar da eta programazioa horren arabera osatu; euskara erabiltzea ezinbestekoa den ekintzak, ekintza arautuetan hezitzailea non kokatuko den, tarte libreetan zer eta nola egingo den etab...
    Hire esku! programan, ekintzak beti errepikatu egiten dira eta aldatuko dena estrategien aukeraketa eta hauen aplikazioa izango da. Azken pauso hau, aurretik aipatu bezala taldearen euskara maila eta iniziatiba aztertu ondoren jarritako helburuen araberakoa izango da.
     
  • Euskararen erabilera neurtzeko tresna: Hezitzaileek Asko Egin Dezakete! metodologia erabiliaz , taldearen hizkuntza ohiturak neurtu, helburuak zehaztu eta erabileraren bilakaera neurtzeko tresna sortu du Ttakun kultur Elkarteak.
    Hire esku! programaren kasuan talde bakoitzaren hizkuntza bilakaeraren neurketa egin ahal izango da modu erraz eta xinplean, honekin, kurtso amaieran ikastetxe guztien emaitzak konparatzea posible izango delarik.
    Tresna hau, azken bi urteetan froga modura aplikatzen aritu gara egitasmoan, baina sarritan erabilerarako zailtasunak eman dituenez 2008ko udaberrian egokitu egin behar izan da. Helburua, hain programa laburrean eta oso modu xinplean diagnostiko, jarraipen eta emaitza zuzenak ematea posible egingo duen tresna lortzea izan da, finean, Hire esku! programarako moldatzea.
    Honen harira, aipatu, Ttakun Kultur Elkartea, Hezitzaileek asko egin dezakete! metodologia praktikan jartzea erraztuko duen eta aisialdiko egitasmo ezberdinetako koordinatzaile eta hezitzaileen lana “efektibizatzen” lagunduko duen euskarri informatiko bat sortzen ari dela.
     
  • Lidergoa: Talde irakurketan hizkuntza ohiturak aztertzeaz gain, ikastaldeko liderrak identifikatuko dira eta egonaldian zehar figura hori baliatuko dugu gainontzeko taldekideen hizkuntza ohituretan eragiteko. Besteak beste, bideragarria den taldeetan, egonaldiaren bideo produkzioaz liderren taldea euskarara bideratzeko baliabide bat gehiago izango dugu.

Informazio gehiago nahi ezkero, egin ezazu klik irudi bakoitzaren gainean.

 

HAED proiektuaHAED proiektuaHAED proiektua

  Ikasleen gunea
 
© 2009 Hire Esku - Gipuzkoako Foru Aldundia
iametza interaktiboak garatuta
XHTML | CSS | WAI-A
ttakun