Euskararekiko sentsibilizazioa lantzea helburu duten ekintzak. Euskararekiko sentsibilizazioa lantzeko hainbat ekintza erabiliko dira; karaokea, telebista saioa, graffiti tailerra, frogak, galderak, elkarrizketa eta eztabaidak.
Konpromisoak lantzeko dinamikak: hizkuntza estrategia nagusienetako bat erabilera adostua izan dadin, zenbait dinamika prestatuko dira konpromisoak lantzera begira. Hau da, erabilera adostua saio horietan hartzen dituzten konpromisoen araberakoa izango da. Lehenengo egunean hori landu beharko da eta beste egunetarako ere beste batzuk prestatuko dira erabiltzea egoki edo beharrezkoa ikusten bada ere (helburura iritsi direlako eta berriak jartzeko, iristea kostatzen ari zaielako...).
Euskararen errealitatea norberaren herrian eta Euskal Herrian
Euskara erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzea
Euskara jakin eta erabiltzeak ze onura dituen aztertzea
Erreferente euskaldun erakargarriak lantzea
Euskal kulturako elementuak ezagutaraztea
Gazte hizkera lantzea helburu duten ekintzak:
Hainbat gaietako esamoldeak lantzea: Adarra jotzeko esamoldeak, ligatzekoak, haserretzekoak, gosea adieraztekoak, nekea adieraztekoak... landuko dira jolas eta dinamiken bidez. Honetarako bereziki prestatutako saioa da Mihiluze hizkuntza jolasa.
Euskalkiekin jolastea: Horretarako gai direla ikusten diren taldeetan, euskalkiekin jolastea proposatuko zaie zenbait dinamiken bidez: euskalki bakoitzaren lau ideia azaldu eta, gaizki erabiliko duten arren, euskararen errealitate hori ezagutaraztea lortu nahi da. Hau posible izango da bikoizketetan, telebista saioan, graffiti tailerrean, web orrian...
Hitanoa lantzea: Horretarako gai direla ikusten diren taldeetan, hitanoa zertxobait landuko da, euskararen baliabide hori ere ezagutu dezaten. Hau ere posible izango da bikoizketa, telebista saio eta web orrian.
SMSak lantzea: SMSak euskaraz erabili ditzaten hainbat aukera eta ideia proposatuko zaizkie dinamiken bidez. Honetarako piropo eta ebaluazio kutxak erabiliko dira eta MHLZn ere izango dute tartea.
Graffiti tailerra: Tailer honetan gazteek idatzizko mezuren bat adierazi nahiko balute euskaraz, modu moderno batean, hau da, gazte hizkera erabiliaz izatera bultzatuko zaie gazteei.
Euskara teknologia berrietan erabiltzea helburu duten ekintzak:
Web orriak euskaraz erabiltzea: Gazteekin Hire esku! Programarako sortutako web orria erabiliko da (5 eguneko txandetan). Taldeka landuko da eta bertan ikastetxe bakoitzak aste osoko eguneroko bat eraikiko du. Honetarako artikuluak, argazkiak, euskal musika eta bideoak erabiliko dira.
Bikoizketak egitea: Pelikuletako, iragarkietako eta marrazki bizidunetako tarteak hartuz bikoizketak landuko dira (elkarrizketak asmatuz, noski). Bikoizketa horiek azken goizean ikusiko dituzte pantaila handian.
Interneten euskaraz aritzea: Web orrian bloga, euskal aldizkari eta web orri desberdinekin lotura, musika entzuteko aukera etab... izango dira.
Modu honetan gazteek egonaldia amaitu eta gero ere internet euskaraz erabiltzeko aukera luzatuko zaie orri honen bidez.
Kirol jardueretan euskara erabiltzea helburu duten ekintzak:
Sofbola: Piragua egin ezin denean, hau da, neguan egingo da ekintza hau. Oriok goi mailako talde bat izateari etekina aterako zaio eta kirol berri eta erakargarri bat lantzeko aukera izango da.
Gainera hitz tekniko berriak eta kirol honen historia pixka bat lantzeko ere aprobetxatuko da.
Kirol jolasak: Hainbat kirolekin lotutako jolasak egingo dira, baina arauak zerbait moldatuta euskara erabiltzea ezinbestekoa izan dadin. Besteak beste, saskibaloia, futbola, mahai tenisa, esku pilota eta boleibola landuko dira.
Piragua: Aterpetxeak berak eskaintzen duen baliabidea da eta oso erakargarria gazteentzat. Udazken eta udaberrian egingo da, ostegun goizean izango da eta federazioko bi begiralek zuzenduko dute saioa.
Begiraleek ere parte hartuko dute ekintzan eta gazte taldearen kopuruaren arabera bi saio egin beharko dira.
Ingurunea ezagutzea helburu duten ekintzak: aberastasun kulturala eta etnolinguistikoa.
Kokapena: Kluedo jolasa ere Orio eta bere inguruko herri, pertsonai, kirol etab...etan oinarrituko da.
Herriak ezagutzea: Txangoak eta irteerak Oriora, Zarautzera eta Aiako ingurunera...
Txangoak eta irteerak egingo dira inguruko mendiak, kalzada erromatarra, Pagoetako parke naturala, Agorregiko burniola, gipuzkoako Kostaldea... ezagutu ditzaten.
Herritarrekin harremanetan jartzeko jolasak eta dinamikak egingo dira: Orioko jolasa eta Zarauzko orientina.
Web orria aste osoko ekintzen lotura gisa erabiltzea helburu duen ekintza berezia:
Aipatutako helburu eta ekintzak borobildu asmoz, 5 eguneko egonaldietan web orria erabiliaz ekintza berezi bat egingo da.
Lehen eguneko jolasetan eraikitako taldeei euskararen erabilpenaren jarraipen estuagoa egin eta etekin gehiago ateratzeko asmoz proposatu dugu dinamika hau.
Gazte taldeak eguneko laburpen bat idatzi, argazki, bideo eta euskal musikaz osatu eta web orrian zintzilikatuko du egunero. Modu honetan aste osoko ekintzak errepasatu, elkarlotu eta borobiltzea lortuko da egonaldi osoari zentzua emanaz.
Gainera ekintza honen bidez gazteek euskara eta teknologia uztartuz beraiek sorturiko zerbait egitea lortuko dugu.
Gure asmoa datozen urte hauetan web orriari eta hau euskaraz erabiltzeari indar handia ematea da, modu honetan gazteek euskaraz sortutako zerbait gure egonaldiko hari lotzailea izango da.